Euskadin, aurretiazko borondateen dokumentua egin eta erregistratzeko eskubideaz gain, beste eskubide batzuk daude onartuta:
Bizialdi amaieran ere aplikagarriak direnak hauexek dira:
- Egoera klinikoari eta pronostikoari buruz informazioa jasotzeko eskubidea. Baita baimen informatuari ere
- Tratamenduei uko egiteko eskubidea
- Aurretik emandako baimen informatua bertan behera uzteko eskubidea, tratamendua bazterrean utziz
- Ahalegin teraupetikoa egokitzeko eskubidea, bizi-euskarriari begirako neurriak saihesteko aukerarekin hutsalak edo gehiegizkoak direnean
- Zainketa aringarri integralak jasotzeko eskubidea, baita non jaso nahi diren (ospitalean edo etxean) erabakitzekoa ere
- Intimitaterako eta konfidentzialtasunerako eskubidea
Legeriak, halaber, bizitzaren amaierako prozesuan laguntza ematen duten osasun-arloko profesionalen betebeharrak jasotzen ditu aurreko eskubide guztietarako, zigor-araubide bat ezarriz profesionalek betebehar horiek betetzen ez dituzten kasuetarako.
Arautzen dituzten lege eta dekretuak
- Espainiako 41/2002 legea, pazienteen autonomia, eskubideak eta betebeharrak arautzen dituena informazioa eta dokumentaizo klinikoaren esparruan. https://www.boe.es/buscar/pdf/2002/BOE-A-2002-22188-consolidado.pdf
- Euskal Legebiltzarreko11/2016 Legea, bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatzekoa. https://www.euskadi.eus/web01-bopv/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2016003138
Galderak eta erantzunak
Patologiaren bat duen pertsona orok proposatzen zaion diagnostiko, proba edo tratamenduari buruzko informazioa jasotzeko duen eskubidea da, erabakiak hartzen lagun diezaion, bere borondate askearen arabera. Informazioa egiazkoa, ulergarria eta haren beharretara egokitua izango da.
Medikuek, beraz, ahalik eta informazio gehien eman behar dute, eta modu ulergarrian erantzun behar dute. Erabakiak hartzen laguntzea da kontua, beti.
Eskubide hori bizitzaren amaierarekin lotutako gai guztiei ere aplika dakieke.
Horrek esan nahi du, 18 urte bete ondoren, emantzipazio-salbuespenetatik edo foru-eskubideek babestutako egoeretatik kanpo, gure osasunaren alderdiei buruz modu esklusiboan erabakitzeko ahalmena aitortzen zaigula.
Bai, posible da, baldin eta modu libre eta borondatezkoan egiten bazaio uko. Pertsona orok du eskubidea borondatea errespeta diezaioten eta informazioa eman ez diezaioten. Kasu honetan, pertsonak kontrakorik adierazi ezean, bizitzaren amaieran aplikatuko den arretari buruzko informazioa haren ahaideei emango zaie, halakorik badago, eta egoera hori historia klinikoan islatuko da.
Zer gertatzen da gaixoak informazio klinikoa ulertzeko edo erabakiak hartzeko egitatezko edo kontzientziazko gaitasunik ez badu?
Kasu horretan, aurretiazko borondateen dokumentuan (ABD) ordezkari gisa izendatu dituen pertsonek jasoko dute informazioa, eta haren ordez erabakiak hartzeko ardura izango dute.
ABDa egin ez baduzu, hauek izango dira, ordena honetan:
- Haren legezko ordezkaritza duena.
- Gaixoaren ezkontidea edo harekin modu egonkorrean bizi den bikotekidea, ezkontzaren antzeko afektibitate-harremana duena eta harekin bizi dena, edo banantze- edo dibortzio-prozesurik abiarazi ez duena.
- Maila hurbileneko ahaideak eta, mailaren beraren barruan, zaharrenak.
- Azken auzialdian, agintari judizialek erabakitzen dituztenak.
Kasu horretan, kontuan hartuko da epaian pertsonaren jarduteko ahalmenaren mugei buruz ezarritakoa. Epaian ez bada ezer aipatzen gai horri buruz, medikuek baloratu beharko dute gaixoa gai den edo ez bere osasunari buruzko erabakiak hartzeko. Gaitasunik ez duela erabakitzen badute, erantzukizuna aurreko puntuko pertsona eta ordena berberena izango da.
Adingabeek eskubide hauek dituzte:
- Bere osasun-egoerari eta tratamenduei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bere adinera, heldutasunera edo garapen mentalera egokituta.
- Tentsio-uneetan gertuen dituen pertsonekin kontatzeko eskubidea; horretarako, baliabide egokiak izango dituzt
- Ahalegin terapeutikoa egokitzeko eta zainketa aringarriak aplikatzeko eskubidea.
Oharra: adingabeek ez dute eskubiderik eutanasia eskatzeko; eskubide hori 18 urtetik gorakoei bakarrik aitortzen zaie.
Eskuarki, ez.
16 urte arteko adingabeei eragiten dieten osasun-jarduerei buruzko erabakiak guraso-ahala edo tutoretza dutenek hartu behar dituzte, beharrezko informazioa jaso ondoren. Gurasoak bananduta edo dibortziatuta badaude, garrantzi berezia duten erabakiak hartzeko, hala nola bizitzaren amaierarekin zerikusia dutenak, beharrezkoa izango da bi pertsonen baimen informatua lortzea.
12 urtetik beherako neska-mutilei, berriz, beren egoera azaldu eta entzun egin behar zaie. 12 eta 16 urte bitartekoei, berriz, informazioa eman behar zaie, entzun egin behar zaie, eta haien iritzia kontuan hartu behar da, heldutasun nahikoa badute, baina ezin badute dute erabakirik hartu.
16 urte betetakoan, informazioa eman behar zaie, eta, gainera, erabakitzeko autonomia dute. Osasuneko adin-nagusitasuna esaten zaio horri. Kontzeptu honetan salbuespen bat dago: 16 urtetik gorako adingabearen osasunerako arrisku larria dagoenean; kasu honetan, guraso-ahala edo tutoretza dutenek hartuko dituzte erabakiak.
Bestalde, legeak dio adingabe baten osasunari buruzko erabakiak haren bizitzarako edo osasunerako onurarik handiena kontuan hartuta hartu behar direla beti. Hori horrela izanik, ordezkariek hartutako erabakia printzipio horren kontrakoa dela ulertzen bada, medikuek agintari judizialari jakinarazi behar diote, zer egin behar den erabaki dezan. Eta kasua presazkoa balitz, osasun-langileek adingabearen bizitza eta osasuna babesteko beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartu ahal izango lituzkete.
Baimen hori eman behar dugu osasun-jardueraren bat egin diezaguten. Edozein osasun-jardueraren aurrean pazienteak jasotzen duen informazioa ahozkoa, egokia eta ulergarria izan behar da beti; artatzen den pertsonaren baimena, osasun-arloko jarduera gehienetan, ahozkoa bakarrik izan daiteke, edo baita fisikoa ere (odola ateratzeko besoa uzten bada, adibidez).
Hala ere, baimena nahitaez idatziz jaso behar da kasu hauetan: ebakuntza kirurgikoetan, prozedura diagnostiko/terapeutiko inbaditzaileetan, eta osasunari modu negatiboan eragiten dioten arrisku edo eragozpenak sortzen dituzten prozeduretan. Kasu horietan, adostasuna hitzez transmititutakoaren baliokidea den informazioa duen dokumentu edo fitxategi batean sinatuz zehazten da.
Proba diagnostiko baten, tratamendu baten edo ebakuntza baten —ezohikoa izan edo ez— aurrean larritasun-pronostikoa —edo haren ordezkariak, ezgaitasun-kasuan— duen edozein gaixok galdera hauek egin behar lizkieke, gutxienez, medikuei:
- Zer helburu lortu nahi da?
- Zenbat denboraz aplikatuko da tratamendua?
- Ba al dago hobetzeko aukera errealik?
- Zein da bizi-pronostikoa?
- Zer sufrimendu edo deserosotasun ekarriko du tratamendu horrek?
- Zein dira albo-ondorioak?
Intimitateari dagokionez, hauek dira pertsona orok bere bizitzaren amaieran dituen eskubideak:
- Bere ordezkariarekin edo beste senide edo ahaideekin harremanetan jartzeko eskubidea; horretarako, baliabide egokiak izango ditu.
- Nahi duten pertsonekin ahalik eta denbora gehien egoteko eskubidea, tratamendu bat aplikatzen den une jakin batzuetan izan ezik.
- Legeak ezartzen du, halaber, ospitaleratze-erregimenean artatu behar diren pertsonei banakako erabilerarako gela bat ematen (ez bermatzen) saiatuko direla.
Pertsona batek bere azken uneetan dituen eskubideak berberak dira, ospitalean edo egoitzan artatuta egon.
Legeak adierazten du osasun-erakundeek eta zentro eta erakunde soziosanitarioek ahalegina egingo dutela behar diren bitartekoak eskaintzeko senideek edo ahaideek eta bizitzaren amaierako prozesuan dagoen pertsona zaintzen dutenek laguntza espezifikoa eta babesa jaso dezaten bizitzaren amaierako prozesuan dagoen pertsonarentzat, bai gaixoaren etxean, bai osasun-zentroetan edo gizarte-zerbitzuetako zentroetan.
Legeak ezartzen du zentro eta erakunde eskudunek banakako gela bat eskainiko dietela bizitzaren amaierako prozesuan dauden eta ospitaleratze-erregimeneko laguntza jaso behar duten pertsonei, haien osasun-egoerak eskatzen duen erosotasuna eta intimitatea bermatzeko. Orobat ezartzen du gaixoarekin, senide edo ahaide bat ahalik eta denbora gehien egon ahal izango dela.
Edozein osasun-datu eta, jakina, bizitzaren amaierari buruzkoak bereziki babestuta daude konfidentzialtasun-eskubidearen bidez. Horrek esan nahi du gure osasun-datuak gure laguntzarako behar dituzten profesionalen esku bakarrik egongo direla. Beste inork ezingo ditu irispidean izan aldez aurreko baimenik gabe, eta gure historia klinikoak adieraziko du zein pertsonak eskuratu dituzten gure datuak.
Pertsona guztien osasun-datuak, adinekoak zein adingabeak izan, konfidentzialak dira.
Hala ere, 16 urtetik beherakoei dagokienez, haien datuak eskuragarri daude guraso-ahala edo tutoretza dutenentzat ere, eta haiek adingabearen mesedetan erabiltzeko betebeharra dute.
Behin 16 urte betetzen dituztenean, haien legezko arduradunek ezin izango dituzte haien osasun-datuak eskuratu, salbuespenak salbuespen: adingabeak behar besteko heldutasunik ez badu, edo haren osasunerako edo bizitzarako larritasun-kasua bada. Kasu horietan, haien legezko arduradunak historia klinikoan sartu ahal izango dira.
Bai. Zure nahia bada zure inguruko inork ez jakitea zein den zure osasun-egoera edo zer erabaki hartzen dituzun zure osasunari eta bizitzari buruz, eskubidea duzu zure pribatutasuna mantentzeko, beste ezeren gainetik. Horretarako, funtsezkoa da artatzen zaituzten osasun-langileei jakinaraztea, gai hori zure historia medikoan sar dezaten eta dena zure eta osasun-langileen artean gera dadin bermatzeko.
Bai. Legeak edozein ebakuntza baztertzeko eskubidea aitortzen du, izan diagnostikorako probak edo izan medikuek proposatzen duten tratamendu bat, baita horrek bizitza arriskuan jar badezake ere. Hasitako tratamendu bat eteteko ere eska daiteke.
Kirurgiak eta biziari eusteko baliabideak ere bazter daitezke: arnasketa mekanikoa, elikadura artifiziala, dialisia, antibiotikoak edo bizi-funtzioa mantentzen duen baina gaixotasuna sendatzen ez duen beste edozein neurri.
Ebakuntza edo tratamendu bati uko egitea funtsezko erabakia da, eta askatasunez eta kontzienteki hartu behar da, beharrezko informazioa jaso ondoren. Medikuek errespetatu egin behar dute pazienteak prozesu horiek ez egiteko edo, hasita badaude, geldiarazteko duen borondatea. Halaber, bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonek eskubidea dute aurretik emandako baimen informatua askatasunez eta idatziz atzera botatzeko.
Interesdunak sinatu behar du errefusa, eta historia klinikoari erantsi zaion dokumentu batean jaso behar da. Gaixoak ezin badu sinatu, lekuko batek edo ABDan izendatutako ordezkariak sinatuko du haren ordez.
Konorterik gabe dagoen edo edozein arrazoirengatik gai ez den paziente batekin larrialdiko egoera batean, osasun-langileen helburua pertsona egonkortzea izango da. Pronostikoa argi dagoenean bakarrik uko egin ahal izango zaie tratamenduei.
Gainera, salbuespen gisa, badira osasun publikoko arrazoiengatik nahitaezkoak izan daitezkeen tratamenduak.
Zure ABDa egin baduzu eta horretarako zure borondatea zein den adierazi baduzu, osasun-langileek errespetatu egin beharko dute. Gai horren inguruan duten borondatea argi ez badago, haien ordezkariek (egongo balira) egingo diote uko tratamenduari, eta ABDa interpretatzen lagunduko dute.
ABDrik ez dagoenean, erabaki bat hartu behar duten pertsonek pentsatu behar dute zer nahiko luketen modu kontzientean adierazi ahal izango balute, beren pentsamoldearen, irizpideen eta balioen arabera, eta horren arabera erabaki. Tratamendu bati uko egin nahi badiote edo tratamendua eten nahi badute, ahaideek hala adierazi beharko diete osasun-langileei. Medikuak erabaki horren aurka badaude, guardiako epaitegira joateko aukera dago (mediku taldeak berak ere egin dezake).
Ebakuntza edo tratamendu bat jasotzeari uko egiteak, edo haiek eteteko erabakiak, ez du inolako kalterik eragingo bestelako osasun-arretan.
Tratamendu edo ebakuntza bati uko egiteak ez du esan nahi osasun-arretari uko egiten zaionik, batez ere, sufrimendua arintzeko, mina arintzeko eta beste sintoma batzuk arintzeko neurriak eta tratamenduak aplikatzeari uko egiten zaionik; azken batean, duinago eta jasangarriago egiten dute bizitzaren amaierako prozesua.
Neurri horien eta lortu beharreko helburuen artean desberdintasunen bat sumatzen denean, bizitza mantentzeko neurriak ez hasteko, kentzeko edo doitzeko erabaki medikoa da.
Gaixotasuna atzeraezina dela eta bizitza luzatu nahi duten tratamenduak bertan behera uztea komeni dela onartzea dakar. Gaixoaren ongizate maximoa bermatzeko beharrezkoak diren terapiak baino ez dira mantentzen. Egoera terminalean edo agonian dauden edo gaixotasun larri eta sendaezin bat duten pertsonez ari gara, adingabeak barne, eta haien bizitza luzatzen ari da, hobetzeko edo osatzeko benetako aukerarik gabe.
Ahalegin terapeutikoa egokitzeko edo mugatzeko erabakia medikuen eskumena da, lortu nahi den helburuaren berri eman eta pertsona horrek edo haren ordezkariek baimena eman ondoren.
Tratamenduak alferrikakoak direnean, ahalegin terapeutikoa egokitzea praktika mediko egokitzat hartzen da ikuspuntu kliniko, etiko eta juridikotik.
Setakeria edo haragikeria terapeutikoa deritzonaren aurrean egongo ginateke: gaixoa bizirik mantentzeko erabiltzen diren neurri eta teknika batzuk mantentzen hastea edo tematzea, bizitza horren kalitate-mailari buruzko gogoetak alde batera utzita. Botiken, arnasgailuen, behartutako elikadura artifizialaren, erreanimazioen eta abarren erabilera da, eta, pronostikoa kontuan hartuta, alferrikakoak eta neurriz kanpokoak dira, ez baitute gaixotasuna leheneratzea lortzen, eta gaixoa bizirik mantentzea beste helbururik ez dute.
Bizitzaren amaierari aurre egiten dion pertsonak erabakimenik ez balu eta, medikuek, beste ezeren gainetik bizitza luzatzeko ahaleginean, bizi-euskarriko neurriak hartu beharko balituzte, haren ahaideek edo legezko ordezkariek bide judizialera jo ahal izango lukete. Gainera, zure ABDan jasotzen bada zein kasutan nahi den ahalegin terapeutikoa ez luzatzea, osasun-langileak behartuta daude hori errespetatzera.
Ez. Argi eta garbi, ez dute elkarren artean zerikusirik.
Eutanasia hiltzeko laguntza eskatu duen pertsona baten heriotza eragiteko praktika medikoa da, legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren. Pertsona hil egiten da horretarako emandako botiken ondorioz.
Esan bezala, ahalegin terapeutikoaren egokitzapena da alferrikako praktikak alde batera uztea eta beharrezko neurriak hartzea gaixoak eta haren ingurukoek ahalik eta ongizate handiena senti dezaten bizitzaren azken fasean. Helburua ez da heriotza eragitea, nahiz eta bizialdia labur dezakeen.
Sendagarriak ez diren esku-hartze klinikoak dira, gaixotasun larriak, sendaezinak eta itzulezinak dituzten pertsonei aplikatzen zaizkienak, sendatzeko tratamenduak eraginkorrak ez direnean. Zainketa aringarrien helburua ez da sendatzea, baizik eta sufrimendua, mina eta bestelako sintoma fisiko eta psikikoak prebenitzea edo arintzea eta gaixoen eta zaintzen dituztenen bizi-kalitatea hobetzea. Horregatik, ez dira egoera terminaletan bakarrik aplikatzen eta gaixorik dauden pertsona batzuek zainketa aringarriak jaso ditzakete hainbat hilabetez edo urtez.
Zainketa aringarrietan lan egiten duten ospitale-taldeetan osasun-arlo desberdinetako profesionalak egoten dira: medikuez eta erizainez gain, laguntzaileak, gizarte-laguntzaileak, psikologoak, fisioterapeutak eta abar ere izaten dira.
Gaixotasun sendaezin eta progresibo bat duten pertsonei, haien bizitzaren amaierara arte presente egongo dela uste den sufrimendua pairatzen dutenei.
Herritar guztiek sufrimendua arintzeko eskubidea dute. Bizirik iraunarazten dion tratamenduren bati uko egin dionak berak ere badu eskubidea oinazeak, larritasunak eta asaldurak trata diezazkioten.
Gaixorik dagoen edozein pertsonak (edo ahaideren batek, gaixoak hala eskatzen badu) uste badu zainketa aringarriak behar dituela, lehen mailako arretako edo beste espezialitate bateko medikuarekin jarri behar du harremanetan, eta hark baloratuko du zainketa aringarrien egokitasuna eta mota.
Erabakia lehen mailako arretako medikuak har dezake, edo beste edozein espezialitatetakoak. Gainera, haiek baloratuko dute zainketa aringarriak pazientearen etxean —edo, hala badagokio, adinekoen egoitzan— eman daitezkeen edo ospitaleko zainketa aringarrietako unitate espezifikoen esku-hartzea behar den.
Zainketa aringarriak adinekoen egoitza batean aplikatzen badira, Osakidetzak eta zentroak koordinatu egin behar dute, gaixoak une oro behar duen laguntza bermatzeko.
Aseguru-etxe pribatu gehienek ez dute etxez etxeko laguntza aringarririk eskaintzen. Kasu horretan, dagokion osasun zentro publikora joatea gomendatzen da, eta etxeko zainketa aringarriak eskatu ahal izateko familiako mediku bat izendatzeko eskatzea.
Ez. Zainketa aringarriak zabalagoak dira, beharrezkoa denean sedazioa barne hartzen duten arren.
Zainketa aringarriak har daitezkeen neurrien multzoa dira, gaixotasun sendaezina, progresiboa eta aurreratua (baita terminala ere) duen pertsona bere bizitzako azken etapatik ahalik eta erosoen eta bere behar eta nahien arabera igaro dadin. Esan bezala, denbora gutxian aplika daitezke, edo hil aurreko hilabeteetan edo urteetan.
Sedazioa zainketa aringarrietan har daitekeen neurrietako bat baino ez da. Farmakoak ematean datza, pertsona batek konortea gal dezan. Batez ere, pazienteak sintoma errefraktario bat edo gehiago dituenean erabiltzen da, hau da, tratamendu egokiekin eta arrazoizko epe batean kontrolatu ezin direnak (mina, arnasteko zailtasuna, larritasun existentziala…).
Zainketa aringarrietan, bi sedazio-mota erabiltzen dira: sedazio aringarria eta sedazio terminala.
Sedazio aringarria da gaixotasun aurreratua edo terminala duen pertsona baten konortea murrizteko farmakoak ematea, sintoma errefraktario bat edo gehiago behar bezala arintzeko behar den beste. Sedazio hori denboran jarraitua edo aldizkakoa izan daiteke, eta azalekoa edo sakona izan daiteke.
Sedazio terminala farmakoak ematean datza, heriotza oso hurbil izango duela aurreikusten den pertsona baten konortea sakonki, modu jarraituan eta modu atzeraezinean gutxitzea eragiteko, pertsona horren sufrimendu fisiko edo psikologikoa arintzeko asmoz. Sedazio terminala horretarako prestakuntza jaso duen edozein medikuk eman dezake.
Printzipioz, bizitzaren amaieran dagoen edonork eska dezake sedazio terminala bere buruarentzat, eta, hori egiteko gai ez bada, haren ahaideek ere eska dezakete. Nolanahi ere, lehen esan bezala, sendagaia aplikatzea komeni den ala ez erabakitzea medikuei dagokie soilik.
Sedazio terminala aplikatzeko irizpide medikoak daude. Adibidez, ez dute gomendatzen heriotza naturalaren aurreikuspenak bi asteak gainditzen baditu, edo sufrimendu errefraktario bat arintzeko aukerak agortu ez badira. Mediku-taldeak irizpide horietara gehiago edo gutxiago egokitzeko erabakia hartzen badu, baliteke sedazio terminala ukatzea, nahiz eta pertsona hori sufritzen egon.
Sedazio terminalaren eskaera onartuko ez balitz, idatziz jasota gera liteke eskaera, edo bigarren iritzi mediko bat eskatu, eta bide judizialera jo ahal izango da beti.
Bai. Bizitzaren amaierako arreta integraleko prozesuei lotuta egiten den esku-hartze orok eskatzen du pertsona horren aurretiazko baimen libre eta informatua, emateko gai bada.
Sedaziorako baimena eskatzeko eta emateko ardura dutenak ABDan ordezkari gisa izendatu dituenak izango dira.
ABDa egin ez badu, hauek izango dira, ordena honetan:
- Haren legezko ordezkaritza duena.
- Gaixoaren ezkontidea edo harekin modu egonkorrean bizi den bikotekidea, ezkontzaren antzeko afektibitate-harremana duena eta harekin bizi dena, edo banantze- edo dibortzio-prozesurik abiarazi ez duena.
- Maila hurbileneko ahaideak eta, mailaren beraren barruan, zaharrenak.
- Azken batean agintari judizialek erabakitzen dituztenak.
Bai. Eutanasia eskatzea bateragarria da zainketa aringarriekin. Eutanasiaren bidez hiltzeko laguntza eskatu duen edonork bere sufrimendua arintzeko behar duen laguntza aringarri guztia jaso dezake, eskaeraren ebazpen-prozesuak irauten duen bitartean, sedazio terminala barne, beharrezkoa izanez gero.
Zainketa aringarriek ezin dute ziurtatu sufrimendua behar adina arinduko denik pertsona guztiengan eta gaixotasun larri bat garatzen den denbora guztian, eta, esan bezala, sedazio terminala bizitzaren amaieratik oso hurbil dauden egoeretan soilik aplikatzen da (egun batzuk edo aste gutxi).
Bestetik, pertsona batzuen ustez, sufrimendua saihesteko behar duten sedazio aringarri maila ez da bateragarria bizitza duinaren inguruan duten ideiarekin.
Eutanasia bidez hiltzeko laguntza alternatiba bat da patologia oso larriak dituzten pertsonentzat, sufrimendu fisiko edo psikologiko handia eragiten dutenak eta dauden tratamenduekin behar bezala arindu ezin direnak.
